HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 22

Aldi hartan, Jesusen ikasleetako askok esan zuen: «Gogorra da hizkera hau. Nork adi dezake?»

Jesusek, bere baitan oharturik ikasleak marmarka ari zirela, esan zien: «Onartezina iruditzen al zaizue hori? Eta Gizonaren Semea lehen zegoen tokira igotzen ikusiko bazenute, orduan zer? Espiritua da bizia ematen duena; gizakiak ezin du berez ezer eman. Nik esan dizkizuedan hitzak espiritu eta bizi dira. Baina badira zuen artean sinesten ez duten batzuk». Izan ere, Jesusek hasieratik zekien nork ez zuen sinesten eta nork salduko zuen. Eta esan zuen gainera: «Horregatik esan dizuet ezin dela inor ere nigana etorri, Aitak ez badio horretarako gaitasuna ematen».

Geroztik, haren ikasleetariko askok atzera egin zuen, eta aurrerantzean ez zen harekin ibili. Orduan, esan zien JesusekHamabiei: «Zuek ere alde egin nahi al duzue?» Erantzun zion Simon Pedrok: «Jauna, norengana joango gara? Zure hitzek betiko bizia dute. Eta guk sinetsi dugu eta badakigu Zu zarela Jainkoaren Santua».

§ Joan 6, 60-69.

Ebanjelioa Berri Ona da, eta bertan gustura irakurtzen ditugun hitzak daude, baina ez daude bakarrik. Hitz horien ondoan beste hitz batzuk aurkitzen ditugu, gogorrak egiten zaizkigunak. Hitz hauek zalantzak, galderak, ulertu ezinak eta iluntasunak sortzen dizkigute gure barruan.

Jesusen galdera guganaino iristen da: “Onartezina iruditzen al zaizue hori?” Batzuetan agian tranpa txikiak egiten ditugu, mezua “gurera” ekarriz, nire ulermenera, nik nahi dudan horretara ekarriz. Baina benetan irakurtzen badugu, gure barruak esaten digu irakurketa horrek lasaitzen bagaitu ere, ez dela irakurketa zuzena.

Eta orduan Jesusen bigarren galdera: “Zuek ere alde egin nahi al duzue?”

Baina nora joan, bere hitzak, gogorrak egiten bazaizkigu ere, betiko bizia dute.

Jaso dezagun guk ere Jesusi jarraitzeko gonbidapena, eta gure txikitasunean, gure ahulezian, izan gaitezen gu ere Jesusen bidelagun.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.