HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 20

Aldi hartan, Jesusek saduzearrak hitzik gabe utzi zituela jakitean, elkarrekin bildu ziren fariseuak, eta haien arteko lege-gizon batek azpikeriaz galdetu zion Jesusi: «Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?»

Jesusek erantzun: «“Maita ezazu Jauna zeure Jainkoa bihotzbihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz”. Hau da agindurik nagusiena eta lehena. Eta bigarrena horren parekoa da: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala”. Bi agindu hauetan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak».

§ Mateo 22, 34-40.

Azpikeriaren aurrean, Jesusek abileziaz erantzuten du, haratago daraman begirada eta bizi jarrera eskainiz eta oparituz: neurririk gabeko maitasuna. Apaltasunetik, azkarra eta trebea, benetan. Ez da saduzearren eta lege-gizonen jokaera kitzikagarrian erortzen edota korapilatzen uzten, baizik eta egoerari buelta emanez, era dotorean, beraien ‘itsuskeria’ deskubritzen die.

Gure maitasuna Jainkoagan “bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz” oinarritzen bada, ez ditugu jarrera ilunak eta txikitzen gaituzten galderak egingo edota hitzak esango, baizik eta bestea “lagun hurko” bihurtuko dut eta “neure burua bezala” maitatu, bere ona bakarrik bilatuz. Egiazko maitasunak ezinbesteko lotura hau eskatzen du eta trebetasun berriak antzematera bultzatzen. “Maitasunaren neurria, neurrigabeko maitasuna da” zioen san Agustinek. Guztia horretan datza. Non oinarritzen dira neure jarrerak? Maitasunak bizitzan trebatzen al nau?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.