HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 19

Aldi hartan, Jesusek berriro parabola bidez hitz egin zien apaizburuei eta herriko zaharrei:

«Zeruetako erreinuarekin bere semearen ezteiak ospatu zituen erregearekin bezala gertatzen da. Bidali zituen morroiak gonbidatuei dei egitera, baina haiek ez zuten etorri nahi izan.

Berriro beste morroi batzuk bidali zituen mandatu honekin: “Esaiezue gonbidatuei: Hara, gertu daukat bazkaria; hilak ditut zezenak eta zekor gizenduak, prest dago dena. Zatozte ezteietara”. Baina gonbidatuek ez zioten jaramonik egin: bata bere lurretara joan zen, bestea bere negozioetara eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin zituzten.

Haserretu zen erregea eta, bere soldaduak bidaliz, hil egin zituen hiltzaile haiek, eta su eman haien herriari.

Gero, bere morroiei esan zien: “Ezteiak prest daude, baina gonbidatuak ez ziren gai. Zoazte, bada, bidegurutzeetara eta deitu ezteietara aurkitu ahala guztiak”. Atera ziren morroiak bideetara eta aurkitutako guztiak bildu zituzten, on nahiz gaizto. Eztei-gela bazkaltiarrez bete zen.

Erregeak, bazkaltiarrak ikustera sartu zenean, eztei-jantzirik Gabe zegoen bat ikusi eta esan zion: “Adiskide, nolatan sartu zara hona eztei-jantzirik gabe?” Hark hitzik ez. Erregeak mahai-zerbitzariei esan zien, orduan: “Esku-oinak lotu eta bota ezazue kanpora, ilunpera; han izango da negarra eta hortz-karraska!” Zeren gehiago baitira deituak, aukeratuak baino».

§ Mateo 22, 1-14.

Jesusek eskaintzen digun bizitza kalitatezkoa da, baina espeltasunik gabeko gure inplikazioa eta jabetza behar ditu; eta, aldi berean, horrek bide egitea eskatzen du. Gonbidatuak izatetik erantzule izatearen prozesua eta betebeharra. Parabola honekin garbi uzten digu. Bere entzuleak zeintzuk diren aintzat hartuz eta beraien artean zalantzarako zirrikiturik gera ez dadin (beraien burua jakintsu eta ontzat baitzeukaten -apaizburuek eta herriko zaharrek-), Jesusek kuzkurtzen duten hitz gordinak erabiltzen ditu: ‘erregea’, ‘haserretu’, ‘hil egin zituen’, ‘herriari su eman’, ‘gonbidatuak ez ziren gai’, ‘esku-oinak lotu’, ‘bota kanpora, ilunpera’, ‘negarra eta hotz-karraska’… Pedagogia bikaina: pertsona bezala aurrera egiteko bakoitzari egokitzea, hondotik esna dadin eta erantzunkizunez erne jarrai dezan. Egiazko maitasunetik eta ez gogortasunetik sortzen den giroa denez , Bizi- ezteietara guztiak eta guztiok gonbidaturik gaude. Noski, bizitzaren ospakizun horretako jarrera (‘jantzia’) zaintzea ezinbestekoa, baita ere. Neure burua besteekiko nola ikusten dut? Bizitzarekiko nire jarrera zein da?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.