HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 18

Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin mahasti-nagusiarekin bezala gertatzen da. Goizean goiz bere mahastirako langile bila atera zen. Eguneko lansaria zilarrezko txanpon batean hizketatu ondoren, mahastira bidali zituen langileak.

Goizeko bederatziak aldera berriro atera zen eta, beste batzuk plazan lanerako zain ikusirik, esan zien: “Zoazte zuek ere nire mahastira eta ordainduko dizuet bidezko dena”. Eta haiek ere joan ziren. Atera zen berriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin zuen. Arratsaldeko bostak aldera ere atera zen eta, beste batzuk oraindik geldi aurkiturik, esan zien: “Zertan zaudete hemen egun osoan lanik egin gabe?” Haiek erantzun zioten: “Ez gaitu inork hartu lanerako”. Hark, orduan: “Zoazte zuek ere nire mahastira”.

Iluntzean mahasti-nagusiak esan zion arduradunari: “Deitu langileei, eta emaiozu bakoitzari bere soldata, azkenekoetatik hasi eta lehenengoetara”. Etorri ziren, bada, arratsaldeko bostetakoak, eta zilarrezko txanpon bana hartu zuten. Lehenengo ordukoek, txanda iritsi zitzaienean, besteek baino gehiago hartuko zutela uste zuten; baina haiek ere zilarrezko txanpon bana hartu zuten.

Orduan, nagusiaren kontra gaizki esaka hasi ziren, eta esan zioten: “Azkeneko hauek ez dute ordubete besterik lan egin, eta gurekin berdindu dituzu, egun osoko nekea eta beroa jasan dugunokin”. Baina nagusiak erantzun zion haietako bati: “Adiskide, ez dizut bidegabekeriarik egiten. Ez al ginen zilarrezko txanpon batean hizketatu? Tori dagokizuna eta zoaz. Zuri bezainbat eman nahi diot azkeneko honi ere. Ezin ote dut neure diruaz nahi dudana egin? Ala inbidia duzu, ni ona naizelako?”

Horrela, bada, azkenekoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkeneko».

§ Mateo 20, 1-16.

Usteak uste eta, batzuetan, zenbat indar kentzen eta kalte egiten diguten: ‘…txanda iritsi zitzaienean, besteek baino gehiago hartuko zutela uste zuten…’.Eta, zer esanik ez, ‘besteek baino gehiago hartze’ horrek! Guztiok horren bizikizuna badugu; eta gutxien espero dugunean, hortxe berriro ere. Teoria soil batean mugitzea erraza gertatzen zaigu (guztiok berdinak gara, giza eskubideak, pertsonaren duintasuna, onak/txarrak…). Baina teoria horrek inplikazioa, egiazko barne inplikazio zehatzak eskatzen dizkigunean eta, gainera, Jesusen begiradatik, ez gara hain eroso sentitzen. Orokorrean, gure kalkuluak etekin matematikotik abiatzen direlako, eta Jesusenak, berriz, maitasunezko begiradatik: ‘Azkenekoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkeneko’. Jesusen Jainkoarentzat, guztiok, gertatzen dena gertaturik ere, ordu berdinekoak gara; beraz, duintasun berdina dugu, bere ‘antz eta irudiko’ egin gaituelako. Dohaina eta, noski, erantzukizuna. Horretaz egiaz jabeturik al nago? Zein da nire begirada eta iritzia?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.