HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 16
Aldi hartan, gazte batek Jesusengana hurbildu eta esan zion: «Maisu, zer onik egin behar dut betiko bizia eskuratzeko?» Jesusek erantzun zion: «Zergatik galdetzen didazu onari buruz? Jainkoa bakarrik da ona. Betiko bizian sartu nahi baduzu, bete aginduak».
Hark, berriz: «Zein agindu?» Eta Jesusek: «Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, hartu aintzat aitaamak, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala». Gazteak, orduan: «Hori guztia bete dut; zer falta dut oraindik?» Jesusek erantzun zion: «Guztiz ona izan nahi baduzu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta eman behartsuei, eta altxorra izango duzu zeruan; gero, zatoz eta jarraitu niri».
Hitz hauek entzutean, nahigabeturik joan zen gaztea, ondasun handien jabe baitzen.
§ Mateo 19, 16-22.
Askotan, gure bizitza ebanjelioko gaztearena bezalakoa da, betebeharrak egiten ditugu baina zerbait gehiago falta zaigu. Bizieran eta erabakietan zerbait gehiago nahi dugu, jauzi baten falta sentitzen dugu. Jesusek aurkeztutako bizitza fedearen bizitza da, egunerokotik kanpo salto egiten duen bizitza eta askatasunera garamatzan bizitza.
Tartean agertzen dira gure oztopoak, gure beldurrak, gure sasi ziurtasunak, gure ahulezia. Erantzuteko fedea falta zaigu gure ausardia bultzatu ahal izateko. Bertan geratzen bagara, gazteari gertatzen zaion bezala, nahigabe zain gerta daiteke. Azter dezagun gure bihotza ea bizipozarako prest dagoen eta bizitzan salto egiteko gogoarekin.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.