HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 14

Aldi hartan, haurrak eraman zizkioten Jesusi, haien gainean eskuak ezarri eta otoitz egin zezan; ikasleek, ordea, haserre egiten zieten. Jesusek esan zien: «Utzi haurrei nigana etortzen, ez galarazi, horrelakoena baita zeruetako erreinua». Eta, haurrei eskuak gainean ezarri ondoren, joan egin zen handik.

§ Mateio 19, 13-15.

Munduko konturik serioenak helduen eskuetan daude. Haurrek helduen gauzetan presente daudenean errespetuz eta isilik egon behar izaten dute: entzuten eta ikasten, dakitenei bakean utzita.

Kristautasuna helduen kontua dela pentsa genezake. Izan ere, helduek ulertu ditzakete sinesmenaren hizkuntza teologikoa, elizaren erritoen esanahia, jarrera moralak eta haien motibazioak eta eliz bizitzaren araudiaren xehetasunak. Kristau helduak hezi beharrean gaudela esan ohi dugu. Beraz, kristau helduak izaten ere irakatsi behar diegu haurrei.

Jainkoaren Erreinuaren gakoa, ordea, ez da jakitean oinarritzen, Jesusek barnean sentiarazten eta dastarazten digun Espiritu bizitzan baizik. Jainkoaren Erreinua haurren antzerako direnena dela dio Ebanjelioak. Izan ere, Espiritu bizitzan, alegia, gordeenetik eta bihotz osoz konfiantza beste norbaitengan jartzeko gaitasunean, haurrek aurrea hartzen digute helduoi. Horregatik haurrak bezalakoak direnak iristen dira egiaz kristau helduak izatera.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.