HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 12

Aldi hartan, hurbildu zitzaion Pedro Jesusi eta galdetu zion: «Jauna, nire senideak bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?»

Jesusek erantzun zion: «Zazpi aldiz ez, baizik eta zazpitan zazpi mila aldiz. Hain zuzen, bere morroiekin kontuak garbitu nahi izan zituen erregearekin bezala gertatzen da zeruetako erreinuarekin. Kontuak garbitzen hastean, dirutza izugarria zor zion bat ekarri zioten. Eta nondik ordaindurik ez baitzuen, bera eta emaztea, seme-alabak eta zituen guztiak saltzeko agindu zuen nagusiak, zorra ordaintzeko.

Morroiak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadazu astia eta dena ordainduko dizut”. Nagusiak, errukiturik, dena barkatu eta libre utzi zuen morroia. Baina morroi hark berak, atera orduko, diru apur bat zor zion bere morroi-lagunarekin topo egin zuen, eta, lepotik heldu eta ito beharrean, esan zion: “Ordain iezadak zor didaana”. Lagunak, oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadak astia eta dena ordainduko diat”. Baina besteak ezetz, eta joan eta kartzelan sartu zuen, zorra ordaindu arte.

Beste morroiak, gertatua ikusirik, biziro atsekabetu ziren, eta nagusiagana joan eta gertatuaren berri eman zioten.

Orduan, nagusiak morroiari deitu eta esan zion: “Morroi gaizto hori! Horrenbesteko zorra barkatu diat nik, eskatu didaalako; ez al zen bidezkoa hi ere heure morroi-lagunaz errukitzea, ni hitaz errukitu nintzen bezala?” Eta nagusiak, haserre bizian, borreroen esku utzi zuen, zor guztia ordaindu arte.

Zuei ere gauza bera egingo dizue zeruko nire Aitak, senideok elkarri bihotzez barkatzen ez badiozue».

Hitzaldi hau bukatu zuenean, Galileatik alde egin eta Judeako mugetan sartu zen Jesus, Jordanez bestaldera igaroz.

§ Mateo 18, 21 – 19, 1.

Bat-batean ulertzen dugu Jesusen parabola. Protagonistaren morroi lagunak bezala, geu ere atsekabetzen gara norbaiten jokabideak jaso dituen pazientzia eta errukiarekin bat ez datozenean. Kristauok, Jainkoaren pazientzia eta barkamenarekin kontatzen dugunez, eta haiei esker bizi garenez, lagun hurkoarekin antzerako pazientzia eta errukiarekin jokatu behar dugula jabetzen gara. Praktikan jartzea, ordea, beste kontu bat da.

Barkatzea kristauon ezaugarrietariko bat da. «Gure Aita» otoitz egitean besteei barkatzen diegula adierazten dugu: «Barkatu gure zorrak, guk ere gure zordunei barkatzen diegunez gero».

Akaso, gogotik saiatuta, zazpi aldiz barka genezake, norbaiti “gehiegikeria” iruditu arren. Baina zazpitan zazpi mila aldiz barkatzeko, barkamenak gure barru-barruko izaeraren berezko joera bihurtu behar du. Horra Espirituak aurrez aurre jartzen digun bihotz-berritzeko aukera eta grazia.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.