HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 11

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Zure senideak bekatu egiten badu zure aurka, zoaz beragana eta zentzarazi bakarrean. Jaramon egiten badizu, irabazia duzu senidea. Jaramonik egiten ez badizu, berriz, har itzazu zeurekin lagun bat edo bi, auzia bi edo hiru lekukoren aitorpenaz erabaki behar da eta. Hauei ere jaramonik egiten ez badie, esaiozu elkarteari, eta elkarteari ere jaramonik egin nahi ez badio, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko.

Benetan diotsuet: zuek mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuek mundu honetan askatua, zeruan ere askatua.

Beste hau ere badiotsuet: zuetako bik elkar hartzen badute mundu honetan Jainkoari zerbait eskatzeko, emango die zeruko nire Aitak. Izan ere, nire izenean bizpahiru lagun bilduak dauden tokian, han naiz Ni haien artean».

§ Mateo 18, 15-20.

Badirudi Jesusen jarraitzaileen artean edo inguruko elkarte erlijiosoetan bekatu egoerak agertzen hasiak zirela. Kasu honetan, pertsona baten bekatu zehatzari egiten dio erreferentzia. Jesusek iradokizun bat egiten du egoera horretan nola jokatu adieraziz. Prozesu bat erakusten du: lehenengo, bekatua egin duenarengana joan eta bakarrean zentzarazi. Jaramonik egiten ez badu, bi edo hiru testigu eraman. Horrela ere zentzatzen ez bada, elkarte osoaren aurrean zuzendu behar dela dio. Argi dago kide baten bekatuak talde osoari eragin diezaiokeela.

Prozesu horren azalpenean, Jesus errealista da. Badirudi askotan ez dela erraza senide bat zentzaraztea. Arrazoiak ugariak izan daitezke, norberak hausnartu behar du zer mugitzen den barnean eta zergatik erantzuten duen modu batez edo bestez.

Jarrera desberdinak egon daitezke kaltea jasotzen duenaren aldetik: Bat kritika atzetik egitea da, bazterretan beste pertsonekin marmarrean ibiltzea. Beste bat, beroaldi batean, indarkeriaz hitz egin eta jokatzea. Horrela ezin da senidea lagundu.

Askotan adorea, argitasuna eta maitasuna behar ditugu senidea zuzendu eta laguntzeko. Jesusek izan zituen bezala.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.