HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 10

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Egi-egiaz diotsuet: Garialea, lurrean erori eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; baina, hiltzen bada, fruitu asko ematen du. Bere bizia maite duenak galdu egingo du; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako gordeko du. Nire zerbitzari izan nahi duenak jarrai biezat eta, Ni nagoen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dena ohoratu egingo du Aitak».

§ Joan 12, 24-26.

Jesusek nekazaritza munduarekin harreman estua zuen. Askotan kontenplatu zuen gari alearen prozesua. Berak gari ale batekin konparatzen du bere bizitza. Hazia bezala, hiltzean soilik da emankorra.

Jesusengan begiak finkatzen baditugu, berarengan fruitu asko aurkitu ditzakegu. Haren bizitza osoa emankorra izan zen, ez bakarrik azken urteetan. Oso jarrera irekia zuen. Entzuteko eta besteengandik ikasteko nahia zegoen beti berarengan. Sentsibilitate berezia zuen sufritzen ari ziren pertsonei antzemateko, entzuteko eta laguntzeko. Bidegabekeriak salatzen zituen. Jainko Aitarekiko harremana zaintzen zuen, bereziki, otoitz eginez.

Jesusek hazte prozesua bizi izan zuen, gari aleak bezala. Haren bizitza Jainkoaren maitasunaren aldarrikapena izan zen. Bete-betean maitatu zituen gizaki guztiak, bizitza emateraino. Geure buruari galdetu diezaiogun: Zer da niretzat nire bizitzan emankorra izatea? Zer ikasi dezaket Jesusengandik?

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.