HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 8

Aldi hartan, Jesusen kontra marmarka hasi ziren entzuleak, «Ni naiz zerutik jaitsitako ogia» esan zuelako, eta hau zioten: «Ez al da, ba, hau Jesus, Joseren semea? Ez al ditugu, ba, ezagutzen honen aita-amak? Nolatan dio, orain, zerutik jaitsia dela?»

Jesusek erantzun zien: «Ez ari marmarka zeuen artean. Ezin da inor nigana etorri, bidali nauen Aitak erakartzen ez badu. Eta Nik piztuko dut azken egunean. Hau dio profeten liburuak: “Jainkoaren ikasle izango dira denak”. Aitari entzun eta hark irakatsia bereganatzen duena nigana dator. Horrek ez du esan nahi inork Aita ikusi duenik; Jainkoagandik etorri denak bakarrik ikusi du Aita.

Egi-egiaz diotsuet: Sinesten duenak betiko bizia du. Ni naiz bizia ematen duen ogia. Zuen gurasoek mana jan zuten basamortuan eta, hala ere, hil egin ziren. Bestelakoa da zerutik jaisten den ogia; honetatik jaten duena ez da hilko. Ni naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duena betiko biziko da. Eta Nik emango dudan ogia nire haragia da, mundua bizi dadin emana».

§ Joan 6, 41-51.

Nondik dator Jesus? Zerutik edo Jose eta Mariaren etxetik? Dirudienez Jose eta Mariaren etxetik badator ezin daiteke zerutik etorri  eta alderantziz. Konpondu ezinezko buru-hausgarri baten aurrean al gaude? Nola konpondu arazo hau? Bi aukeren artean erabaki bat hartzera derrigortuta gaude? Jesusek ematen digu erantzuna: “Jainkoagandik nator”, alegia, bai zerutik eta bai bere gurasoen etxetik datorrela, hau da, zerutik etorria dela bere etxetik etorri delako eta etxetik etorria dela zerutik datorrelako. Jesus Espiritutik eta mundutik datorkigu, BIZITZATIK eta bizitzatik, MAITASUNETIK eta maitasunetik. Bi errealitateak, elkarren kontra jarri beharrean, elkar aberasten dute elkarren beharra dutelako.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.