HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 7

Aldi hartan, gizon bat hurbildu zitzaion Jesusi eta, belaunikaturik, esan zion: «Jauna, erruki zakizkio nire semeari; epilepsia ematen dion deabrua du eta gorriak ikusarazten dizkio. Maiz botatzen du sura eta urera. Ekarri diet zure ikasleei, baina ezin izan dute sendatu».

Jesusek esan zien: «Hau gizaldi sinesgogorra eta makurra! Noiz arte egon behar ote dut zuekin? Noiz arte jasan behar ote zaituztet? Ekarri mutila hona». Jesusek gogor eraso zion deabruari eta atera egin zen mutilagandik; ordu hartatik sendatua gelditu zen.

Ikasleek, Jesusengana hurbildurik, bakarrean galdetu zioten: «Eta guk, zergatik ezin izan dugu bota deabrua?» Jesusek erantzun zien: «Zuen sinesmena txikia delako. Egia diotsuet: sinesmena bazenute, mostaza-hazia bezain txikia izanik ere, mendiari “aldatu hemendik hara” esanez gero, aldatu egingo litzateke; ez litzateke zuentzat ezinezkorik izango».

§ Mateo 17, 14-20.

Jesusek ia-ia sinismenik ez daukatela esaten die bere ikasleei gaurko Ebanjelioan. Jesusen ustez, fede pixka bat edukiz gero edozer gauza egiteko gai izango ginateke. Benetan? Egia da hau? Edozer gauza egin genezake fedea dugularik?  Baietz esango nuke, fede pixka dugularik  Espirituarekin zerikusia daukan edozer gauza egin dezakegula uste dut. Eta zeintzuk dira bada, Espirituarekin zerikusia daukaten gauza horiek? Baliteke galdera honen erantzuna beti irekita geratzea, inoiz ez ixtea. Gu ez gara  Espirituaren jabeak eta dominatzaileak, ez dugu Espiritua kudeatzen ezta menperatzen, eta horregatik edozein momentutan harritu  egin gaitzake. Benetan?

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.