HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 5
Aldi hartan, Jesusek, Filiporen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien ikasleei:
«Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?» Haiek erantzun: «Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat».
Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor naizela diozue?» Simon Pedrok erantzun zuen: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea».
Orduan, Jesusek esan zion: «Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta hau diotsut Nik: Zu Pedro zara – harkaitza–; harkaitz horren gainean eraikiko dut Nik neure Eliza, eta Herioaren indarrak ez zaizkio nagusituko. Zeruetako erreinuko giltzak emango dizkizut: zuk mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua, zeruan ere askatua».
Orduan, bera Mesias zela inori ez esateko agindu zien Jesusek ikasleei.
Une hartatik hasi zen Jesus ikasleei azaltzen beharrezko zela bera Jerusalemera igotzea, eta han asko sufritu beharra zuela apaizburuen eta lege-maisuen aldetik; erail egingo zutela eta hiru egunen buruan piztuko zela. Orduan, Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi zitzaion: «Inola ere ez, Jauna! Ez zaizu horrelakorik gertatuko!»
Baina Jesusek, itzulirik, esan zion Pedrori: «Alde nire ondotik, Satanas! Oztopo zara niretzat, zure asmoak ez baitira Jainkoarenak, gizakiarenak baizik».
§ Mateo 16, 13-23.
«Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea»! Horra hor fede-aitorpen arteza, indartsua! Sendo, zuzen eta ziur agertzen zaigu Simon gaurko ebanjelioan, fededunen komunitatearentzat, elizarentzat alegia, giltz-harri, oin-harri, “harkaitz”: Keepa, Cefas, Petrus, Pedro, Kepa…, adoretsua, bulkatia, hamabietan lehena, berak mundu honetan lotua, zeruan ere lotuta geldituko da, berdin berak askatua…; hara zer ardura, zer erantzukizun, eta giza-ahulezia ororen gainetik, zer konfiantza beragan Jesuk jarria!
Askotan ordea, nire buruari galdetu izan diot zer den kausalitatean lehena, fede-aitorpen garbia ala norberarengan antzematen den Beraren konfiantza; zalantza gutxirekin, Bere konfiantza, guregan jarria ez perfektuak garelako, alderantziz baizik, guztiz, osorik oraindik eginak (per-fektu) ez garelako, eta bere irudira pertsona oso izatera deituak garelako, bokazio eta misio bat ditugulako orain eta oraindik, gure biziaren garapenean; bizi-bide horretan aurrera ezagutuko dugu Bera Mesias dela, Jainko biziaren Semea, ez nolanahikoa baina, aitzitik, gurutzea argi egin artekoa. Pedrok baita!
Zintzoki adieraziz, beldurra sortu ohi dit aldez aurretiko halako fede-aitorpen txit ortodoxo borobilak aditzeak, zalantza bakoak, izan ere, zer Mesias zuen Simon-Kepak buruan egina? Zer nahi eta espero zuen? “Gizakoiegia” ausaz? Izan ere, noraino ez ote dugu izaten hainbatetan unean-uneko gure/nire ulerkera eta interesen araberako jainkotxoa eta mesiastxoa eraikitzeko “tentazioa”, “besteon” kondenazioraino tinko demonio aldeztua gainera, Jesukristori berari “zuzen”keta egiteraino? Benetan orto-doxia eta orto-praxia, ala orto-littera soil?
“Eta zuk nor naizela diozu?” Horra gutako orok oztopo izan barik uneoro bizian erantzuteko galdera, ez edozelakoa alajaina!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.