HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 4

Aldi hartan, Tiroko eta Sidongo lurraldera aldendu zen Jesus. Hartan, inguru haietan bizi zen emakume kanaandar bat deiadarka hasi zitzaion: «Jauna, Daviden Semea, erruki zakizkit! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba». Baina Jesusek ez zion hitzik erantzun.

Ikasleak, hurbildurik, erreguka ari zitzaizkion: «Egiozu kasu, eta doala, deiadarka baitatorkigu atzetik». Jesusek, ordea: «Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak».

Baina emakumea, hurbildurik, ahuspez jarri zitzaion, esanez: «Lagun iezadazu, Jauna!» Jesusek, orduan: «Ez dago ondo semealabei ogia kendu eta txakurrei botatzea». Emakumeak erantzun zion: «Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte nagusien mahaitik erortzen diren ogi-apurrak».

Orduan, Jesusek esan zion: «Emakumea, handia da zure fedea! Gerta bekizu nahi duzun hori». Eta une hartatik sendatua gelditu zitzaion alaba.

§ Mateo 15, 21-28.

Zail dugu jakitea doi-doi gaurko ebanjelioaren kontakizunak duen oinarri historikoa norainokoa den bere xehetasunetan; zailago agian errukiaren paradigma dugun Jesuren jarrera benetan gogor hori irudikatzea, gaitzak (“gaiztoak”) jota oinazetan bizi den bere alaba dela-eta emakume kanaandarrak egiten dion eskariaren aurrean.

Hitz bidezko erantzunik eza izan da hasiera batean Jesuren jokabidea sufrimenduaren deiaren aurrean; arraro, ezohiko egiten zaigu inondik ere, asaldatzeraino agian: gizarte erabat patriarkal batean emakume, “atzerritarra”, alaba oinazetan, erruki, laguntza eske, eta horixe erantzuna? Zer Espiritu, zer Jainko mota ikusaraz liezaguke Jesuk horren bidez? Nola liteke halakorik?

Baina ohar gaitezen, hitz bidez ez erantzutea gauza bat da, eta inolako erantzunik ez ematea oso bestelako bat: esango nuke, bidera dakarzkion egoeraz eta eskaeraz “hitz barik” uzten duela emakumeak Jesu, ezeroso, isilik, barruari begira, ukiturik, hunkiturik (ikasleentzat, molestagarri baino ez da, azkar aldentzekoa, “doala”!); ondoren, bigarren une batean, bi aldiz, ikasitako bere garaiko kultur- eta erlijio-inertziaren ildotik ematen du erantzun-hitza, bazterkeria eta giza-diferentziak irizpide.

Emakumeak ordea, jarrai eta ekin, fedez, miresgarri, erakusten dio Jesuri ondo bereizten, dizernimendua egiten, asmatzen zertarako eta nora bidali duen Jainkoak, zein den bere misioa alegia, eta zertarako izan den deitua, zein bere bokazioa hain zuzen; nahiago bada, emakumearekiko topaketak aukera ematen dio horretarako guztirako, eta Jesuk ez dio aukerari muzin egiten, Abbarengandiko bokazio/misio-dizernimendua eginez, ikasiz, hobetuz eta emaitza onartuz, integratuz, osotuz, gizaki oso (ere!) denez gero, irekitasunez, umiltasunez, samurtasunez, “eskandalizatu” gabe.

Gaiztoa (gaitza) Jainkoaren Espirituak gainditua (sendatua), ez bakarrik alabaren oinazea…

Oharra: harrigarria litzateke, lehen begiradan behintzat ezerosotasun franko sor liezagukeen pasarte hau testu kanonikoan mantendu izana bere muinean benetako oinarri historiko sendo edukiko ez balu. 

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.