HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 3

Jendea ase ondoren, ontzian sarrarazi zituen Jesusek bere ikasleak eta bere aurretik bestaldera joateko agindu zien, berak jendeari agur egin bitartean. Jendea bidali eta gero, mendira igo zen Jesus bera bakarrik, otoitz egitera. Ilundu zuenean, han zegoen bakarrik. Txalupa, ordurako, lehorretik urruti zihoan, olatuek astindua, Haizea kontra baitzuen.

Goizaldera, Jesus haiengana joan zen, ur gainean oinez. Ikasleak, ur gainean ibiltzen ikusi zutenean, ikaratu egin ziren, mamuren bat zelakoan, eta beldurraren beldurrez deiadarka hasi ziren. Baina Jesus berehala mintzatu zitzaien: «Izan bihotz! Ni naiz; ez beldur izan!» Orduan Pedrok esan zion: «Jauna, benetan Zu bazara, agindu iezadazu ur gainean zuregana joateko». Jesusek erantzun: «Zatoz!»

Pedro ontzitik jaitsi eta Jesusengana abiatu zen, ur gainean oinez. Baina, haizearen indarra nabaritzean, beldurra sartu zitzaion eta, urperatzen hasi zelarik, deiadar egin zuen: «Jauna, salba nazazu!» Berehala Jesusek eskua eman eta heldu zion, esanez:

«Sinesmen txikiko hori! Zergatik izan duzu zalantza?»

Ontzira igo zirenean, haizea gelditu egin zen. Eta ontzian zeudenak Jesusen aurrean ahuspez jarri ziren, esanez: «Egiaz Jainkoaren Semea zara Zu!»

Itsasoa igaro ondoren, Genesareten iritsi ziren lehorrera. Bertakoek, Jesus ezagutu zutenean, inguruko lurralde guztian zabaldu zuten berria, eta gaixo guztiak eraman zizkioten. Soineko-ertza bederen ukitzen uzteko eskatzen zioten, eta ukitzen zuten guztiak sendaturik gelditzen ziren.

§ Mateo 14, 22-36.

Joan laguna berriki hila. Horren berri jakitean, Jesu, bihotzean zartada, bazter batera joan zen bakarrik…; ezin ordea barnera begira bakarrik oraindik jarri, bere mina handia izan arren, era askotako gaitzak jota (gaixoak) eta gose ugari direlarik, errukitu eta hunkiturik, “munduak” ekintzara, kanpo-aktibismora eraman zuelako, seguruenik ez gogo handiz une samin hartan, baina bai gogo betez senda-gai eta partituz gosea asez, infintuki denok ase ere (hamabi saski bete hondar).

Baina beharrak eramanda kanpo-ekintzan murgildurik ibili ostean, giza-arteko zurrunbilotik atera, perspektiba hartu (“mendira igo”), eta goitik behera, kanpotik barrura begira egin behar du Gizakiak, batzuetan “iluna” datorrenean ere bakarrik, otoi-hitzetan, otoi-galderetan, otoi-arranguretan, otoi-bilaketan… ezin ase bete apika, “lehorretik urruti”, “olatuek astindua, Haizea kontra…”

Horren ostean haatik, nola oso ondo nork ez dakiela, ilunetik goiz-aldera, egunaren argitan “bestaldera” itsaskiaren gainetik ibilian sendo indarra: “ez  beldur izan!”, “zatoz!”. Halere, nonoiz haizearen zalantza-zirria hor: utzidazu bederen soineko-ertza ukitzen haizea geldi dadin, beldur ez nadin.

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.