HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 2

Aldi hartan, Joan Bataiatzailearen heriotzaren berri jakitean, Jesus leku bakarti batera joan zen bera bakarrik txalupaz. Baina ohartu zen jendea eta oinez jarraitu zion herrietatik. Txalupatik ateratzean, Jesusek jendetza handia ikusi zuen; erruki izan zituen eta gaixoak sendatu zizkien.

Ilunabarrean, ikasleek hurbildu eta esan zioten: «Leku bakartia da hau eta orduak aurrera doaz. Bidal ezazu jendea, auzoetara joan eta jatekoa eros dezan». Jesusek esan zien: «Ez dute zertan joan; emaiezue zeuok jaten». Haiek, orduan: «Ez dugu hemen bost ogi eta bi arrain besterik». Eta Jesusek: «Ekarri hona».

Jendeari belar gainean esertzeko agindu ondoren, hartu zituen bost ogiak eta bi arrainak, eta, begiak zerurantz jasorik, bedeinkapenotoitza egin, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, eta ikasleek jendeari. Asetzeraino jan zuten guztiek, eta gelditutako hondarrez hamabi saski bete bildu zuten. Bost mila gizon inguru ziren jan zutenak, emakumeak eta haurrak aparte.

§ Mateo 14, 13-21.

Joan Bataiatzailearen heriotza, badirudi Jesusen bizitzan guztiok ditugun une esanguratsu horietako bat izan zala. Joan Bataiatzailea Jesusen bizitza publikoaren hasieran egon zen eta orain modurik bidegabeenean desagertuko da. Jesusek ezin du une hau edozein modutan igaro eta bakardaderako unea bilatzen du. Bakardaderako une honek ez du Jesus ingurutik isolatzen, ezta ere bakardade nartzisista baten murgiltzen. Jesusentzat, horrela ikusten dugu Ebanjelioko beste pasarte batzuetan ere, bakardadea zerbaiterako izan ohi da. Kasu honetan bakardadeak, jendeak dituen behar izanetara adi jartzen du. Zerk edo nork ateratzen gaitu gure bakardadeetatik?

Jesus bere bakardadetik  irtendakoan bere begiradak  norabide bi hartzen ditu. Norabide horizontaleko begiradak pertsona eta pertsonen behar izanekin topo egiten du. Eta norabide bertikalean Jaungoikoarekiko duen konfiantzazko harremana sendotzera joan ohi da.  Begirada hauen emaitzak, urritasuna eta behar izanak asebetezko  ugaritasunaren errealitate bihurtzen ditu . Eta horrela, berriro ere Jaungoikoa nor den eta Jaungoikoaren Erreinua zertan datzan  adieraziko ditu.

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.