HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 30

Aldi hartan, Jesus bere herrira joan zen eta irakasten ari zitzaien sinagogan. Jendeak, harriturik, zioen: «Nondik du honek horrelako jakinduria, eta nondik mirari horiek? Hau ez al da, ba, arotzaren semea? Honen amak ez al du izena Maria, eta honen anaiek Santiago, Jose, Simon eta Judas? Eta honen arrebak ez al dira gure artean bizi? Nondik du, beraz, honek hori guztia?» Eta ezin zuten sinetsi harengan.

Jesusek esan zien: «Profetari edonon ematen diote ohore, bere herrian eta etxean izan ezik».

Eta, haien sinesgogorkeriagatik, ez zuen han mirari askorik egin.

 

§ Mateo 13, 54-58.

Bizia miraria da. Nola arrainak, itsasoan murgilduta, ez duen itsasoaren kontzientziarik, hala, mirariz inguraturik, gure begiak itsuak eta gure belarriak gorrak dira une oroko mirariak hautemateko. Miraria da arruntena bizian. Mirari horren kontzientzia hartzea eta garatzea da, hain zuzen ere, erlijio tradizio guztietan bilatzen (biltzen) den jakinduria.

Nazareteko Jesus ez da kokatzen erregeen urruntasun maiestatikoan, tenpluko alde ukiezinean, erlijioaren aldaretan, Galileako herri xumeetako kaleetan eta distirarik gabeko sinagoga pobrean baino, inportantziarik gabeko espazio dohakabe apaletan; eguneroko bazter ahaztu horietan Jainkoaren Hitza eta presentzia aldarrikatzen ditu.  

Jesusen auzokideek Jainkoa aparteko gertakari ustekabeetan bilatzen zuten eta Jainkoa beraien artean zegoen ustekabean, eguneroko harremanetan, eguneroko lanetan eta minetan, mahaia partekatuz, ogia eta arraina bilduz eta banatuz, eguneroko harreman xumeak eta sakonak ehunduz.

Mariaren semea, Santiago, Jose, Simon eta Judasen anaia, arotzaren semea, ezagun arrunt hurbila, bera da miraria, bera da mirariaren lekukoa; berarengan dago bizia, bera baita bizia. Baina, beste leku batera begiratuz gero, beste era bateko jainkoa bilatuz gero, benetako Jainkoaren nolabaiteko ezintasuna, Jesusek ezin du mirari askorik egin.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.