HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 29

Aldi hartan, judu asko etorri zen Marta eta Mariagana, nebarengatik doluminak ematera. Marta, Jesus zetorrela entzun orduko, bidera atera zitzaion; Maria, berriz, etxean gelditu zen.

Martak esan zion Jesusi: «Jauna, hemen izan bazina, gure anaia ez zen hilko. Hala ere, badakit eskatuko diozun guztia emango dizula Jainkoak».

Jesusek erantzun zion: «Piztuko da zure neba». Eta Martak: «Badakit piztuko dela azken egunean, hildakoen piztuerakoan».

Jesusek esan zion orduan: «Ni naiz piztuera eta bizia; nigan sinesten duena, hilik ere, biziko da, eta bizi dena, nigan sinesten badu, ez da betiko hilko. Sinesten al duzu hori?» Martak erantzun zion: «Bai, Jauna, sinesten dut Zu Mesias zarela, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zena».

§ Joan 11, 19-27.

Heriotzaren mina eta bizimina. “Mugarik gogorrena noizpait hil beharra (…) mentabeltxen usaia zure irrifarra betiko gozatzea nire ametsa da”. “Heriotz gorriz hilak izanik lagun eta kideak. Nun dira haien itsasontziak, nun pasadizu trebeak…” (Xabier Lete).

Elikagaiei esker biologikoki bizi da izaki oro, bizi da gizakia. Beharrezkoa, baina ez nahikoa. Harremanak nahitaezko baldintza dira giza ibilbidean, harremanetan dautza haren zerua eta infernua. Elkar maitatzeak estimagarri bihurtzen du bizitza; maitatzen gaituztenei esker, maitatzen ditugunei esker estimatzen dugu bizitza. Horra hor bizitzaren gailurra eta mehatxua: gailurra, benetako harremanak bizi hondoko zorion betea baitira; mehatxua, beti hauskorrak baitira eta, ortzi mugan, beti baitago heriotzaren amildegia.

Marta eta Maria maitale sutsuak dira, neba maitatuz, Jesus maitatuz, bizia maitatuz. Lazaro joanda, Marta Jesusen bila doa, bere absentzia salatzeko; etxeko bakardadean, Mariak ezkutatu egiten ditu bere urradura eta negarra. Giza harremanetan txertaturik, Jesusek agintzen die (digu) benetako (maitasunezko) harremanek, “pasadizu trebeak” bezalatsu, betiko biziaren presentzia dutela eta bera (Jesus) dela presentzia horren lekukoa eta primizia, bizi ondoko zorion bizia, betiko bizipoza.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.