HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 28
Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Zeruetako erreinuarekin soroan ezkutatua dagoen altxorrarekin bezala gertatzen da. Norbaitek, aurkitzen duelarik, berriro ezkutatu egiten du eta, pozaren pozez joan, dituen guztiak saldu eta soro hura erosten du.
Era berean, zeruetako erreinuarekin, harri bitxi bila dabilen merkatariarekin bezala gertatzen da. Balio handiko bat aurkitzen duenean, joan, bere gauza guztiak saldu eta erosi egiten du».
§ Mateo 13, 44-46.
Mundua eta bere historia, gizadiaren ibilbidea eta norberaren norabidea koloratu eta hauspotu egiten dituzte ametsek. Badira mota askoko ametsak: errealitate gordinetik ihes egitekoak, loteriakoak, noizbait ondo eta modu berezian maitatua izatekoak, arrakasta profesionalekoak…
Amets kolektiboen artean badira zenbait oso onuragarriak direnak: giza bizitzaren baldintzak hobetu dituztenak, esperantzaren egunsentia ekarri dutenak, bide berriak zabaldu dituztenak, askatasunaren mina eta gogoa hauspotu dituztenak. Gau ilunetan itsasargiak dira, portuaren oroitza eta esperantza elikatzen dituztenak.
Gauez, itsasoko ur harrotu zakarretan “zeruetako erreinua” itsasargi guztiz berezia eta bitxia da, gizadiak amestu dezakeen ametsik ederrena, amets onen artean amets gorena.
Nazareteko Jesusek bere baitan haragiztatzen du amets hori, bere bizitza guztia amets soil eta sotil horretan inbertituz, “zeruetako erreinua”ren ameslari zoriontsua bihurtzeraino. Badaki ez dela berak asmatutako ametsa, bere Aitamaren dohaina baizik, giza historiaren soroan ezkututako altxor preziatua, pertsona bakoitzaren hondoko zirrikituetan datzan zorionezko harribitxi esanezina.
Joan, saldu zure amets guztiak eta erosi harribitxi soil eta sotil hau!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.