HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 25

Aldi hartan, zebedeotarren ama hurbildu zitzaion Jesusi bere semeekin eta aurrean ahuspeztu, eskari bat egiteko. Jesusek galdetu zion: «Zer nahi duzu?» Eta hark: «Agindu ezazu nire bi seme hauek, eser daitezela zure erreinuan bata zure eskuinean eta bestea zure ezkerrean».

Eta Jesusek: «Ez dakizue zer eskatzen duzuen. Gauza al zarete Nik edan behar dudan kalizatik edateko?» Erantzun zioten: «Bai, gauza gara!» Jesusek orduan: «Nire kalizatik edan, bai, edango duzue; baina nire ezker-eskuin esertze hori, ez dago nire esku inori ematea; nire Aitak norentzat prestatua duen, hari emango zaio».

Beste hamarrak, hori entzutean, biziki haserretu ziren bi anaiekin. Baina Jesusek dei egin eta esan zien: «Badakizue herrietako agintariek menpean hartzen dituztela herriak, eta handikiek beren agintea ezartzen dietela. Ez bedi izan horrela zuen artean; baizik eta zuen artean handi izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi zuen morroi. Gizonaren Semea ere ez baita etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, eta bere bizia askoren ordainsari ematera».

§ Mateo 20, 20-28.

Mateoren esanetan  Jesus Jerusalemera bidean doa: bere bizitza asmoa aurrera eroateko. Ibilbide horretan Jesusek taldeko kideak Jainkoaren proiektoan hezi nahi ditu eta horretara ematen du egitekoa.

Taldeko kideak ez  datoz bat berak egin eta agertutako jarrera nagusiekin: Jainko sena agertu,  onbidea eta txikien alboko izatea egi bihurtu … Orduko eta gaurko gizakion desio arrotzak ageri dira: boterea bitarteko dogula giza historia –handia eta txikiak- aurrera egingo duela. Eta Jesusen Jainkoak indarraren bitartez salbatuko gaituela.

Jesusen Barri Ona beste bat izan zen:  jesustarra izatea biziaren eta ondokoen alde ibiltea da. Bere  taldekoak gara, gure inguruan agertzen edo pasatzen direnak gogoan hartzen baditugu, zaintzen edo indartzen baditugu; bestela, geurea eta geure pentsurako ibilten garenean, Jesusen asmoetatik aldendu egiten gara. Hau dala eta, nire bizitza eta alkarte bizitza, noruntz ditut jarrita? Ondasunak, ahalmenak, indarrak eta asmoak nora begira bizi dira?

Jesus, zugan ikusi dugu biziaren alde ipinten garenean, norabide eta bizi sena indarrean jarten direla: zure Espirituaren indarra behar dugu!

Zurekin harremana estu lotzen dugunean asmoak aurrera joaten dira: indartu gagizuz jarrera berri hauek gugan eta munduan esnatu daitezan.

Ana Berrizbeitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.