HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 24

Aldi hartan, parabola hau esan zion Jesusek jendeari: «Zeruetako erreinuarekin gizon batek soroan hazi ona erein zuenean bezala gertatzen da. Jendea lo zegoela, etorri zen etsaia eta gari artean iraka erein eta alde egin zuen.

Garia hazi eta burutu zenean, han azaldu zen iraka ere. Joan ziren, orduan, morroiak etxeko nagusiagana eta esan zioten: “Jauna, ez al zenuen hazi ona erein soroan? Nondik dator, bada, iraka?” Nagusiak erantzun zien: “Etsaiaren lana da hori”. Morroiek, orduan: “Joango al gara iraka biltzera?” Eta nagusiak: “Ez! Ez dadila gerta, iraka biltzean garia ere ateratzea. Utzi biak batera hazten uztaroa iritsi arte; orduan, igitariei esango diet: Bildu lehendabizi iraka, lotu eta erre; garia, berriz, jaso nire mandiora”».

§ Mateo 13, 24-30.

Historiaren ibiltzeak ongia eta gaizkia elkarrekin dakartza beti: abantaila berriekin beti arzo berriekin. Gaizkia garaitzeko, eta ongia lortzeko hamaika ekimen egin ditugu gizakiok historian zehar. Ekimen erreformistak, iraultzaileak mota askotakoak izan dira, baina giza egitearen anbiguotasuna ezin izan dute gariatu, gizakiaren egiteak berezko baitu anbiguotasuna. Ebanjelioaren ikuspegitik, ordea, historiak Jainkoak emandako barne dinamika du, eta barne dinamika horrek norabide, jomuga eta horretarako heltzeko denborak ematen dizkio. Gizakiak bere indar hutsez lortu ezin duena, historiaren Jaunak ekarriko digu, “Zeruetako” edo “Jainkoaren erreinua” izena ematen dio Ebanjelioak opari horri, eta bertara iritsiko garenean, orduan bai, gaizkia garaitua izango da. Itxaropenari eusteko deia da.

Nire burua Kristoren aurrean jarririk: Nola bizi dudan munduan nahiz nire bizitzan agertzen zaidan gaizkia? Nola dabil nire itxaropen maila?

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.