HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 22

Asteko lehen-egunean, Maria Magdalena hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen. Orduan, Simon Pedrogana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non jarri duten».

Maria hilobi ondoan zegoen, kanpoan, negarrez. Eta, negarrez zegoela, hilobirantz makurtu zen eta bi aingeru ikusi zituen, zuriz jantziak, Jesusen gorpua egon zen lekuan eserita, bata burualdean eta bestea oinetan. Aingeruek esan zioten: «Zer duzu negarrez, emakume?» Hark erantzun zien: «Nire Jauna eraman dute, eta ez dakit non ipini duten».

Hau esan eta berehala, atzera itzuli eta Jesus ikusi zuen zutik, baina ez zen konturatu Jesus zela. Jesusek esan zion: «Zer duzu negarrez, emakume? Noren bila zabiltza?» Hark, baratzezaina zelakoan, esan zion: «Jauna, zuk eraman baduzu, esadazu non ipini duzun, eta nik jasoko dut».

Jesusek esan zion: «Maria!» Honek, hurbilduz, esan zion hebreeraz: «Rabbuni!» (hau da, «Maisu!»). Jesusek esan zion: «Utz nazazu, oraindik ez bainaiz Aitagana igo. Zoaz nire senideengana eta esaiezu: “Neure Aitagana eta zuen Aitagana noa, neure Jainkoagana eta zuen Jainkoagana”».

Joan zen Maria Magdalena, eta berri hau eman zien ikasleei: «Jauna ikusi dut, eta hau eta hau esan dit».

 

§ Joan 20, 1-2. 11-18.

Maria Magdalenaren esperientziak Kristorekin topaketa nahi sakon batetik sor daitekeela erakusten digu. Maisuaren galera, falta, minez eta penaz antzematen  duena, Jesusenganako maitasunaren agerpide da. Baina Magdalena, askotan guri gertatzen zaigun bezala, haren presentzia antemateko gauzarik ez bada ere, Kristo gure ondoan izan daiteke, gu gauden edo biltzen dugun lekuan bertan, agian. Begiak iriki behar dizkigute, eta horrek egiten du Kristok, baina berak nahi duenean. Bilaketari erantzuna halakoa izan daitekeela ondo erakusten digu kontakizunak, baina baita ezagutarazte horretan aurrea Kristorena dela, eta ondorioz dohai hutsa dela, ere. Geuk ezin dugu Kristoren topaketa sortu; eta topaketa hori sortzen denean ezin gatzaizkio Kristo guri atxeki. Horregatik, maitasuna ez ezik, apaltasuna, pazientzia eta konfidantza ere behar izango ditugu Kristorekiko bizitzan.

Nire burua Kristoren aurrean jarririk: Nola dabiltza nire apaltsuna, pazientzia eta konfidantza? Zergatik? Zer eskatu behar izango genioke bertute hauei dagokienez?

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.