HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 21
Egun hartan, Jesus etxetik irten eta itsasertzean eseri zen. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion inguruan, txalupa batera igo eta bertan eseri zen. Jende-taldea, berriz, hondartzan zegoen. Gauza asko esan zien, parabola bidez hitz eginez:
«Behin batean, atera zen ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta txoriek etorri eta jan egin zuten. Beste zenbait ale harri artean erori zen, lur handirik ez zen lekuan, eta, lur axala izanik, berehala erne zen; baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu.
Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiak, haztean, ito egin zuen hazia. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta fruitua eman zuten: bateko ehun nahiz hirurogei nahiz hogeita hamar. Belarririk duenak entzun beza».
§ Mateo 13, 1-9.
Gurea amaitzen ari delako kezkatuta gabiltza Europako kristauak. Ez al dago indarrean honezkero Jainkoaren Hitza? Batzuentzat ez dauka interesik; beste batzuentzat liluragarria bada, baina ez ditu barru-barrutik harrapatzen; beste batzuk gustukoa dute baina beste interesak dituzte; eta, gutxi batzuk, Hitza beraien bizitzetan haragiztatzen ahalegintzen dira. Egia esan, egoera hau eta Jesusek gaurko parabolan deskribatzen duena ez dira hain desberdinak.
Gaurko Ebanjelioaren giltzarri bat ereileak ematen digu, Jesusek. Bere ahotik ez dugu lege-ortodoxiarik entzun; aitzitik, bere parabolekin entzulearen bihotzaren sakontasuna besarkatzen du. Bere jarraitzaile garela aitortzen dugunok, gure garaikideei arrazoiak sinestarazten baino, beraien bihotzak sakontasunean besarkatzen saiatu behar dugu.
Bigarren gakoa Jesusek ereindako lurrean dago. Ereindako bihotzaren emankortasuna bere jabearen erantzukizuna da. Jesusen jarraipenaren zintzotasuna, sinestunaren bihotza prestatuta egoteak baldintzatzen du. Jesusen jarraipenak, Berarekin intimitaterako uneak behar ditu, bere sendian partehartzea eta begiko dituenenganako adiskidetasuna; hau da, gizartearen kanpoaldean daudenenganako gertuko adiskidetasuna.
Horrelako ereileak eta horrelako lurrean ereindako hazia da, fruitua ematen duena.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.