HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 19

Aldi hartan, lege-maisu eta fariseu batzuek esan zioten Jesusi: «Maisu, Zuk egindako seinale bat ikusi nahi genuke».

Jesusek erantzun zien: «Seinale eske ari da gizaldi gaizto eta desleial hau; baina ez zaio seinalerik emango, Jonas profetarena besterik. Zeren, Jonasek arrainaren sabelean hiru egun eta hiru gau egin zuen bezala, hala egingo baitu Gizonaren Semeak ere hiru egun eta hiru gau lurraren barruan.

Auzi-egunean ninibetarrek gizaldi honen aurka altxatu eta kondenatu egingo dute, haiek bihotz-berritu egin baitziren Jonasen predikuaz, eta baduzue hemen Jonas baino gehiago den norbait.

Auzi-egunean gizaldi honen aurka jaikiko da hegoaldeko erregina eta kondenatu egingo du, lurraren azken mugetatik etorri baitzen hura Salomonen jakinduriazko hitzak entzutera, eta baduzue hemen Salomon baino gehiago den norbait».

§ Mateo 12, 38-42.

Lotzen gaituzten erabakiak hartu aurretik, pertsonek ziurtasunen beharra sentitzen dugu. Bestela, ezer ere ez lortzeko arriskuan gaude, eta espero genuena jaso gabe, ez gaude prest gure askatasuna kolokan jartzeko. Barru-barruan gure askatasunarekin merkataritzan gabiltza. Gaurko pasarteko legegizon eta fariseuen moduan, Jainkoa onartzeko liluratuko gaituzten mirariak behar ditugu.

Jesusentzat berriz, fedea ez da konbentzimendu arrazional baten ondorioa, baizik eta harreman pertsonal batena. Izan ere, Berak “Abba” deitzen dio Jainkoari, aitatxo. Nola eskatu maitasun frogak aitatxo denari? Benetan elkar maite dutenen artean, konfidantza da nagusi, eta inolaz ere ez mesfidantza dela medio sortutako exijentzia gordina.

Sinestunak Jesus pertsonalki ezagutzera deituak gara, bere irakaspenak eta parabolak entzutera, bere maitasunez lepo dauden keinuak begiratzera, eta zuzenean Berarekin hitz egitera, zuzenean Berari so egitera. San Ignazioren erara, horrela Jesus gehiago ezagutu, gehiago maitatu eta jarraituko dezagun.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.