HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 18
Aldi hartan, apostoluek, berriro Jesusengana bildu zirenean, egin eta irakatsi zuten guztiaren berri eman zioten. Jesusek esan zien: «Zatozte zuek bakarrik leku bakarti batera, eta hartu atseden pixka bat». Asko baitziren joan-etorrian zebiltzanak, eta ez zuten jateko ere astirik.
Orduan, bazter batera joan ziren beraiek bakarrik, txalupaz. Baina jende askok ikusi zituen alde egiten, eta nora zihoazen igarri ere bai, eta herri guztietatik leku hartara jo zuten lasterka, oinez, haiei aurrea hartuz.
Txalupatik ateratzean, Jesusek jendetza handia ikusi zuen. Errukitu zitzaien, artzain gabeko ardiak bezala baitzebiltzan, eta luzaro irakasten hasi zitzaien.
§ Markos 6, 30-34.
Ikasleek atsedena behar dute. Jesusek ere bai. Eta beharrean aurkitzen diren artzain gabeko ardi galduek ere bai. Zer egin? Nola jokatu?
Aldi batean argi zegoen: kristauak bagara, guztia emateraino gara. Gero esan digute geure buruak maitatzen ere ikasi behar dugula eta geure beharrei ere kasu egiten ikasi behar dugula. Baina ardi galduek hor darraite.
Gure eginkizuna misio bezala bizitzen ikasi beharra daukagu, hau da, Jainkoak gure esku utzitako zeregin bezala, bere borondatea, bere nahia egiten ari garela argi izanik. Gainontzean gure gogoak edo gure ideologiak bultzaturik jardungo gara, lehertu arte (bidean beste hainbat lehertuz) edo geure buruak justifikatuz.
Misio bezala bizitzean, ikasiko dugu eginkizuna Jainkoaren eskuetan uzten, ikasiko dugu kezkatuta ez bizitzen ”aski dituelako egun bakoitzak bere buruhausteak”. Ikasiko dugu “Jainkoaren erregetzaz eta haren nahia betetzeaz arduratzen”. Eta horrek eramango gaitu zenbaitzutan atseden hartzera, eta beste zenbaitzutan leher eginik bizitzera, jakinik guztia Jainkoaren eskuetan dagoela eta gu morroi hutsak garela.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.