HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 17

Aldi hartan, fariseuek, sinagogatik atera zirenean, elkar hartu zuten Jesusen kontra, hura nola galduko.

Jakin zuen hori Jesusek eta alde egin zuen handik. Jende askok jarraitu zion, eta Jesusek denak sendatu zituen, eta agindu zien ez zezatela ezagutzera eman. Horrela, Jainkoak Isaias profetaren bidez esana bete zen:

«Hona hemen nire zerbitzaria, Nik aukeratua, nire maitea, atsegin dudana.

Honengan ipiniko dut neure espiritua; zuzenbidea iragarriko die herriei.

Ez du haserrerik sortuko, ez oihurik egingo, ez da kaleetan haren mintzoa entzungo.

Kanabera pitzatua ez du hautsiko, doi-doi piztua dagoen argi-metxa ez du itzaliko, zuzenbidea nagusiarazi arte.

Hura izango dute itxaropen nazioek».

§ Mateo 12, 14-21.

Zenbat oihartzun sortzen dizkigun pasarte honek! Isilean lan egiten duen, ezkutuan aurkitzen den Jainko Aitaren isla bezala agertzen zaigu Jesus. Era askotara adierazi izan digu jokamolde hau: zerbait ematerakoan, ez beza jakin zure ezkerrak zer egiten duen eskuinak, ezkutukoa ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina; edota azken auziko parabolan “noiz ikusi zintugun?” galdetzen dutenek bezala; edota hazien paraboletan inork ez dakien eran eta ustekabean koskortzen diren haziak bezala hazten den Erreinua. Ezkutuan… Isilean…

Bai, nahiz eta kaleetan haren mintzorik ez entzun, nahiz eta inon bere aztarnarik sumatu ez, Jauna bere eginkizunean murgildurik ageri zaigu, sendatzen, bizia berritzen. Isilean bai, baina etenik gabe lanean.

Beharrean aurkitzen diren gaixoek badakite non aurkitu.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.