HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 16

Aldi hartan, larunbatean gari-soroetan barrena zihoan Jesus. Ikasleak goseak zeuden eta galburuak moztu eta jaten hasi ziren.

Hori ikustean, fariseuek esan zioten Jesusi: «Begira, larunbatez zilegi ez dena egiten ari dira zure ikasleak».

Hark erantzun: «Ez al duzue irakurri zer egin zuen Davidek, bera eta lagunak goseak gertatu ziren batean? Nola Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskainiriko ogiak jan zituzten, legez ez berak ez beraren lagunek, baizik eta apaizek bakarrik jan zitzaketenak?

Edota ez al duzue irakurri Moisesen legean apaizek larunbatero hausten dutela tenpluan atseden-legea, horregatik errudun izan gabe? Ba, Nik diotsuet: bada hemen tenplua baino gehiago den norbait. Ulertu bazenute zer esan nahi duen Jainkoak esandako honek: “Nahiago dut errukia sakrifizioak baino”, ez zenituzketen errugabeok gaitzetsiko. Zeren Gizonaren Semea larunbataren nagusi baita».

§ Mateo 12, 1-8.

Zer gertatzen zaio gure giza bihotzari pertsonen balioaren gainetik hain erraz hainbat gauza (lege, arau, doktrina…) jartzeko? Jainkoaren izenean, nahiz gizartearen ala herriaren izenean, edota norberak ideologikoki absolutizatzen duen horren izenean… beti ere ongi justifikatuz, noski. Zer gertatzen zaio gure bihotzari errukitik hain urrun eta epaitik hain gertu kokatzeko? Berdin jokatuko genuke oso geurea genukeen norbaitekin (seme, alaba, guraso, edo…)?

Baietz erantzuten badugu (kontuz, horren arriskua badugu eta), agian gerta daiteke gure baliorik handienak pertsonen gainetik jarri izana. Fariseuek ere onena eman nahi zioten Jainkoari, hori zelakoan Bere nahia eta agindua. Baina ahaztuz ere, Jainkoaren nahia gizakia salbatzea dela, horretarako guztiz makurtu behar badu ere, Berak ezarritako atseden eguna apurtu behar badu ere, bizia eman behar badu ere… Jainkoa errukia baita beste ezeren gainetik.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.