HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 15

Aldi hartan, Jesusek esan zuen: «Zatozte nigana nekatu eta zamatu guztiok, eta Nik arinduko zaituztet. Hartzazue nire uztarria eta ikasi nigandik, gozoa eta bihotz-apala bainaiz, eta aurkituko duzue zeuen arimentzako atsedena. Nire uztarria leuna baita, eta nire zama arina».

§ Mateo 11, 28-30.

Jesusen gonbidapena bihotzera datorkigu zuzenean. “Zatozte” esaten digu, eta Jesusen hitzen oihartzuna gure barruan entzun behar dugu. Jesusek nekatuta gaudenoi hitz egiten digu, gaur egungo bizimoduan presaka eta korrika gabiltzanoi.

Eta zer da Jesusek eskaintzen duena? Bere gozotasuna eta xumetasuna, Bera ez baita aditu edo jakintsuen mailakoa, baizik eta Nazareteko pertsona umila. Berak ere ezagutu zuen garai hartako gizarteak bizi zuen presio eta sufrimendua. Jesusen handitasuna, bere xumetasun eta hurbiltasuna ziren, herriko seme eta partaide baten irudia. Baina Jesusek zekarren errebelazioa Erreinuaren Berri Ona zen, Bera baitzen Jainkoaren erregetzaren seinale bizia. Gizaki batek Jainkoari bere bihotzaren jabe egiten uzten dionean eta bere bizitzaren gune bilakatzen duenean agertatzen dena.

Jesusek, maisu berriak, bihotzetik iragazten zuen pertsonen nekea eta bidegabekeriak. Eta bereziki txikienak eta gehien sufritzen dutenak dira Jesusek goxoen hartzen dituenak. Jesusen xamurtasuna dago agerian hemen, nola jasotzen dituen txikienak eta behartsuenak, eta nola eman nahi dien atseden eta bakea.

Gure eguneroko bizitzan guk ere nekea sentitzen dugu, zenbaitetan zurrunbilo eroan sartuta gaudela iruditzen zaigu, gauza askotara egon behar dugula adi. Baina guretzat ere da Berri Ona: Jesusek bere eskaintza guri ere luzatzen digu. Gu ere gonbidatuta gaude Beregan atseden hartzen. Agian gure buruari galdetu dezaiokegu ea inoiz izan al dugun aukera Jesusen atsedena hartzeko. Zein modutara hurbildu eta Jesusengan utzi dezakegu zama? Eta nola lagundu dezakegu gu ere atseden izaten gure ingurukoentzat?

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.