HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 14

Aldi hartan, Jesusek esan zuen: «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jende xumeari agertu baitizkiozu. Bai, Aita, hala izan duzu gogoko. Nire Aitak dena eman dit, eta ez du inork Semea ezagutzen, Aitak baizik; ezta Aita ere, Semeak baizik, eta Semeak agertu nahi dionak baizik».

§ Mateo 11, 25-27.

Bihotza pizten da Jesusen hitz hauek entzutean. Hasteko, Jainko Aita bendeinkatuz hasten delako, goraipatuz, Berari buruz “ondo hitz eginez”. Ze indar handia daukan Bedeinkatu hitzak, eta zein gutxitan erabiltzen dugun.

Bestalde, Jesusek itxaropena ekartzen du aditzera ematen digunean Jainkoaren maitasunezko mezua denontzat eskuragarri dagoela. Jainkoa ate joka dago gizakion bihotzetan, handi ala txiki, aberats ala behartsu, aditu ala xume… Hau da benetazko Berri ona: Jainkoa ezagutzeko ez da gizakiek ezarritako legerik bete behar, ez da pentsamolde edo mota berezi batekoa izan behar. Denontzat dago eskuragarri Jainkoaren handitasuna eta deia. Bere maitasunez beteriko plan eta bere erreinuaren eraikuntzan denok sartuta gaude.

Eta nola? Jesusek hala adierazten digu: Bera da bidea. Jainkoa eta bere Semea bat dira eta Jesusek aditzera ematen digu nolakoa den Zeruko Aita. Jesusek bere Aitari buruz hitz egiten du, bere maitasuna hurbiltzen digu eta bere erreinua nolakoa izatea nahi duen esaten digu. Aldi berean, Jesusen mezua eta izaera Jainkoarengandik datozkiola adierazten digu, bat direlako. Jesus ezagutzean, Jainko Aita ezagutuko dugu. Hau dela eta, gure buruari galdetu dezaiokegu nolakoa den gure harremana Jesusekin edo zenbat denbora eskaintzen diogun bere bitartez Jainkoa eta bere nahia ezagutzeko. Non jartzen dugu indarra eta konfidantza, Jainkoarengan ala gure indar eta jakindurian?

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.