HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 13

Aldi hartan, Jesus miraririk gehienak egin zitueneko herriak gaitzesten hasi zen, bihotz-berritu ez zirelako: «Ai zu, Korozain! Ai zu, Betsaida! Izan ere, Tiro eta Sidon hiri jentiletan zuengan bezainbeste mirari gertatu izan balitz, bihotz-berrituak ziratekeen aspaldi, dolu-jantziz eta hautsez estalirik. Horregatik, hau diotsuet: auzi-egunean, zigor bigunagoa izango dute Tirok eta Sidonek, zuek baino.

Eta zu, Kafarnaum, zeruraino altxatuko zarela? Lurraren barreneraino eroriko zara! Izan ere, zuregan bezainbeste mirari gertatu izan balitz Sodoman, gaurdaino iraungo zukeen. Horregatik, hau diotsuet: auzi-egunean, zigor bigunagoa izango du Sodomak, zuk baino».

§ Mateo 11, 20-24.

Zaila izan daiteke, ala harrigarria behinik behin, Jesus pasarte honetan irudikatzea. Haserre dirudi eta bere hitzak gogorrak dira:  “zigorra”, “auzia”, “gaitzetsi”… Kosta dakiguke gaur egungo gizarte eta pentsamoldean hitz hauek ulertzea eta onartzea geure buruari galdetu gabe ea zein azalpen dagoen beraien atzetik.

Baina hitz hauei erreparatu beharrean, Jesusek erakusten duen maitasun eta bihotz-berritzeko eskaerari begiratzen badiogu, errazagoa dirudi. Hau da, era esplizituan adierazten duena baino, modu inplizituan Jesusek dakarren mezua.

Jesus ez da nekatzen gu deitzen edo gureganako maitasuna agertzen, baina min ematen dio entzungor garenean hainbestetan, ez diogunean uzten Berak gu maita eta bihotzberritu gaitzan. Garai hartan Jesus herriz-herri ibili zen gaisoak sendatzen, pertsonak bisitatzen, bere maitasunezko mezua zabaltzen edota bere keinu berritzaileak egiten. Pertsona handi eta berezitzat zuten baina hala eta guztiz ere, ez zioten uzten jendearen bihotzak barrutik alda zitzan. Eta horrek mintzen du Jesus.

Azken finean, maitasun biderako eta Jainkoaren Erreinua eraikitzeko deia luzatzen du Jesusek hemen. Zenbat aldiz eta zein modu ezberdinetan gure eguneroko bizitzan hurbiltzen zaigu Jesus eta guk ez dugu ezagutzen edo ez diogu denbora tarte bat eskaintzen! Nola astindu gure barruak behin betirako hainbesteko maitasunari erantzun egokia emateko? Nola egin behar da benetan Jesusez maitemintzeko eta alde batera uzteko Beragandik urruntzen gaituen guztia?

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.