HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 12

Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Ez uste izan munduari bakea ekartzera etorria naizenik; bakea ez, baizik banaketa ekartzera etorria naiz. Bai, semea aitagandik banatzera etorri naiz, alaba amagandik eta erraina amaginarrebagandik banatzera. Eta nork bere etxekoak izango ditu etsai.

Aita nahiz ama Ni baino maiteago duena ez da niretzat gai; semea nahiz alaba Ni baino maiteago duena ez da niretzat gai. Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez didana ez da niretzat gai. Bere biziaren jabe izan nahian dabilenak galdu egingo du; bere bizia nigatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du.

Zuek onartzen zaituztenak Ni onartzen nau, eta Ni onartzen nauenak bidali nauena onartzen du.

Profeta bat, profeta delako, onartzen duenak profetari zor zaion saria izango du, eta pertsona zuzen bat, zuzena delako, onartzen duenak pertsona zuzenari zor zaion saria izango du; eta txiki hauetako bati, nire ikasle delako, baso bat ur fresko besterik ez bada ere ematen diona, benetan diotsuet ez dela saririk gabe geldituko».

Hamabi ikasleei argibide hauek ematen amaitu zuenean, joan egin zen Jesus handik, herri haietan irakastera eta mezua hots egitera.

§ Mateo 10, 34 – 11, 1.

Jainkoak nire bihotza liluratu zuen, eta nik baietz erantzun nion. Bihotza pozez abesten hasi zen, eta nire poza familiari azaldu nion, baina ez zuten ulertu… lagun minari ere bihotzean naraman Berri Ona abestu nion, eta begirada zorrotza bueltatu zidan…

Eta zauriz josita dagoen mundu honetan, bazirudien zauriak gehitzen laguntzen ari nintzela. Nire bihotza malkoz blaitu zen, nire poza tristura bihurtu, eta orduan Jainkoaren Hitzak itxaropen hitz bihurtu ziren.

Jainkoak ez ditu zauriak gustuko, baina jakin badaki (eta sufritu zuen), Berri Ona bizitza sortzen duen hitza bada ere, ukatua izaten dela, eta sufrimendua dakarrela.

Hala ere, Berri Onak itxaropena sortzen du nire bihotzean; itxaropena niretzat, eta itxaropena oraindik Nazareteko Jesusen Jainkoan sinesten ez dutenentzat.

Egunen batean, zauriak sendatuak izango dira, eta denok pozik abestuko dugu Jainkoaren Berri Ona.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.