HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 10

Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, ezta morroia ere nagusia baino gehiago. Nahikoa du ikasleak irakaslea adina izatea, eta morroiak nagusia adina. Etxeko jaunari Beeltzebul deitu badiote, zer ez ote diete deituko haren etxekoei? Ez izan jendearen beldur! Izan ere, ez dago ezer gordea agertuko ez denik, ezta ezer ezkutuan ere jakingo ez denik. Gaueko ilunpean esaten dizuedana esan zuek egun-argitan, eta belarrira entzuten duzuena hots egin etxe-gainetik. Ez izan beldurrik gorputza hil bai, baina bizia kendu ezin dutenei; izan beldur, gorputza ez ezik, pertsona osoa ere infernuan gal dezakeenari.

Ez al dira bi txori txanpon batean saltzen? Hala ere, ez da bat bakarra ere lurrera erortzen zuen Aitaren baimenik gabe. Zuen buruko ileak ere zenbatuak ditu Jainkoak. Ez, bada, beldur izan; txori guztiek baino gehiago balio duzue zuek.

Jendearen aurrean aitortzen nauena aitortuko dut Nik ere zeruko neure Aitaren aurrean; baina jendearen aurrean ukatzen nauena ukatu egingo dut Nik ere zeruko neure Aitaren aurrean».

§ Mateo 10, 24-33.

“Ez izan jendearen beldur!” dio Jaunak, baina zer nolako indarra duen beldurrak gugan. Beldurragatik, gure begiak itxi, belarriak tapatu, ezpainak elkartu, eta gure barneko ahotsa isilarazten dugu. Gure barnekoa bai, baita gure barnetik ateratzen den Jainkoaren Hitza ere.

Zer esango ote dute besteek? Zer pentsatuko ote dute? Zer gertatuko zait, nire ahotsak Jaunaren Hitza aldarrikatzen badu?

Eta egoera honen aurrean, Jaunak, sendotasunera eta konfiantzara gonbidatzen gaituzten hitzak ditu: “Zure buruko ileak ere zenbatuak ditu Jainkoak. Ez, bada, beldur izan”. Eta isiltasunera bultzatzen gaituen emozioari uko egin, beldurrari uko egin, eta isilean jakin izan duguna ere aldarrikatzera bultzatzen gaitu, ozen eta argi mintzatzera bultzatuak gara.

Otoitz egin diezaiogun Jainkoari, gure beldurrak uxatuz, bere misioa aurrera eramateko  sendotasuna eta konfiantza izan ditzagun.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.