HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 9

Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Hara, ardiak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Izan zaitezte, bada, sugeak bezain zuhur eta usoak bezain xalo.

Kontuz jendearekin! Auzitegietara eramango zaituztete eta sinagogetan zigorkatuko; agintarien eta erregeen aurrera eramango zaituztete nigatik, aitormen egin dezazuen haien eta jentilen aurrean. Eramaten zaituztetenean, ez egon zer eta nola esango duzuen kezkatan: une hartan bertan adieraziko dizue Jainkoak zer esan; ez zarete zuek mintzatuko, zuen Aitaren Espiritua mintzatuko da zuen bidez.

Anaiak anaia emango du heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen aurka altxatuko dira eta hil egingo dituzte. Mundu guztiak gorroto izango dizue nigatik; baina azkeneraino irauten duena, horixe izango da salbatua.

Herri batean pertsegitzen bazaituztete, egin ihes beste batera. Benetan diotsuet: Gizonaren Semea etorri aurretik, ez dituzue Israelgo herri guztiak igaroko».

 

§ Mateo 10, 16-23.

Jesusen mezuak, Berri Onak, hasteko eta behin gu eraldatzen gaitu goitik behera. Alabaina, badakigu eraldaketa horrek, segituan, abian, martxan jarri behar gaituela. Hori baita finean kristau fedearen ezaugarri, fede aktiboa izatea. Gure barne eraldaketak, jarrai-jarraian, kanpora zabaltze bat dakar berekin, buru-belarri eta eskuzabaltasunez, doanik, eta maiz gure aldetik merezimendu handirik gabe, jasotakoak besteengan isla izan dezan.

Askotan baina ez da inondik eginkizun samurra izango. Maiz komunitatearen beroa eta bere baitako giro erosoa bazterrean utzi beharko dugu, kanpokoen begien aurrean, jada sinesgabe samar dugun gizartearen begien aurrean, gure fedearen testigantza irmoa eman beharrean izaten garen horietan guztietan. Pertsekuzioa oso era eta maila ezberdinetan jaso izan dute kristauek historian barrena, askotan krudelkeria gogorrenak jaso izateraino, heriotzeraino. Ez dugu zertan azken eskenatoki horiek irudikatu, pertsekuzioa burutan hartzen dugularik, gradu oso ezberdinetan eman baitaiteke. Baina jazarpena, Kristoren testigantza emate soilagatik jasan beharrekoa, bada kristau izatearen ezaugarritariko bat. Izan ere, Jesusen jarraitzaile izatea ez da beti samurra izan, ezta gaur egun ere. Jainkoari eta transzendentziari bizkarra emanez bizi den gizarte postmoderno batean gaude murgildurik eta sarritan gutxienez ez ulertuak izango gara, beste batzuetan mespretxatuak edota irainduak. Ez da beti bide erraza izango gurea; halere, Jainkoa gurekin dagoela ondo izan behar dugu gogoan beti eta finean eta buruan Bera dugula sostengu.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.