HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 8

Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Bidean zoaztela, hots egin hurbil dela zeruetako erreinua. Senda itzazue gaixoak, piztu hildakoak, garbitu legenardunak, bota deabruak. Hutsean hartu duzue, eman hutsean. Ez eraman urrerik, ez zilarrik, ez dirurik gerrikoan; ez zakutorik biderako, ez soinekorik aldatzeko, ez oinetakorik, ezta makilarik ere, zor baitzaio langileari behar duen jatekoa.

Edozein herritan nahiz auzotan sartzen zaretela, jakizue ba ote den konfiantzazko inor, eta gelditu haren etxean, herri hartatik atera arte. Etxean sartzean, egin bake-agurra; etxekoak duin badira, hel bekie zuen bakea; duin ez badira, berriz, zuen bakerik gabe geldituko dira.

Onartzen ez bazaituztete eta zuen hitza entzun nahi ez, etxe nahiz herri hartatik ateratzean, astindu zeuen oinetako hautsa. Benetan diotsuet: auzi-egunean Sodomak eta Gomorrak zigor bigunagoa izango dute herri hark baino».

§ Mateo 10, 7-15.

Jesusengan jada ukitu dezakegun Berri Ona ez da norberak bere etekin propio eta soilerako gorde beharreko altxorra. Jesusen egitasmoekin bat egitea zerbait dinamikoa da. “Zoazte, hots egin, sendatu,…” delako aginduek zera baino ez digute erakusten: askatu egiten gaituen mezua, benetako lasaitua eta betiko itxaropena ematen digun mezua ez dela bakarka eta geure kabuz aurkitu dugun zerbait.

Espirituak, Graziaren bidez, hartu zigun aurrea, guk, gerora, geure bihotza ireki bagenion ere. Hein horretan, ez da inolaz ere geurean auto-zentratuak egoteko mezu bat, gure psike eta nortasun aztoratua lasaitze alderako formula magiko erraz bat, ez eta hortik bizimodu eroso bat eraikitzeko irtenbidea ere. Bizitza berri bat eman zaigu gu-geu buru-belarri gainontzekoei horixe bera helarazten lagun diezagun. Berri Ona jaso izanak eraldatu behar gaitu eta Jesusekin bat egitera bultzatu, berak gurekin eginikoa Berari besteekin egiten lagun diezaiogun. Berri Ona jaso izanak gure gizarteko bideetan barrena bultzatu behar gaitu, Berri Onaren misiogintzan esku hartze aktibora. Jesusengana hurreratu gaituen Graziari Berari gerora ere guregan jarduten jarrai dezan utzi behar diogu, izan gaitezen gu geu ere besteen bizi-eraldaketen eragile, Jesusekin bat.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.