HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 7

Aldi hartan, Jesusek, hamabi ikasleei dei eginik, ahalmena eman zien espiritu gaiztoak botatzeko eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzeko.

Hona hamabi apostoluen izenak: lehenbizi Simon, Pedro deritzana, eta honen anaia Andres; Santiago Zebedeorena eta honen anaia Joan; Felipe eta Bartolome, Tomas eta Mateo zergalaria, Santiago Alfeorena eta Tadeo, Simon Zelote eta Judas Iskariote, Jesus saldu zuena.

Hamabi horiek bidali zituen Jesusek, ohar hauek eginez: «Ez joan jentilen lurraldeetara, ez sartu Samariako herrialdean ere, baizik eta zoazte Israel herriko ardi galduetara. Bidean zoaztela, hots egin hurbil dela zeruetako erreinua».

§ Mateo 10, 1-7.

Jesusengan ikusten dugu bere bete-betean gurekin bat egiteko Jainkoaren nahia. Asmo horrek oso ezaugarri zehatzak ditu.

Alde batetik, Jainkoaren eta gure arteko amildegi gaindiezinari amaiera emateko eskaintza da. Jesu Kristok hastapenetik ez dihardu bere kaxa eta bakarka. Bere elkartasuna ez da azken une batean egina eta jada bukatua ezagutuko dugun etorkizuneko zerbait. Bertatik bertara ezagutu eta ukitu ahal izango dugu, hala nahi izanez gero behintzat. Aurrez aurre egiten digun deiari erantzunez hain justu. Bere proiektua aktiboki gauzatzera, zein horren berri ematera dei egiten digu, bete-betean parte har dezagun Berarekin bat.

Bestetik esan, nahiz eta gizadi guztiaren salbamena duen xede, ez dela abstraktuki egin behar den asmo bat, batera edota taldean hartuko gaituen proiektua; banan-banan zuzentzen zaigu, aurrez-aurrez hots egiten eta nor bakoitzari bere izenaz. Garen modu-modukoak nahi gaitu, gure ezaugarri guztiekin, bertute zein akats.

Halere, gaur egun New Age kutsuko zenbait espiritualtasun-motatan ez bezala, bere deia ez da gure zilbor-hestearen inguruan itsuturik gera gaitezen. Gizadi osoa du helburu, eta, hortaz, erreinuaren berri emate aktibo horretan, askotan, begirada altxatu, eta gure irizkideen arteko eliz-giro goxoaz harago, fede aldetik urrutien eta arrotzen zaizkigun horiengana hurbiltzeko kemena erakutsi beharko dugu, Jainkoa bultzagarri, noski.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.