HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 5

Aldi hartan, Jesus mintzatzen ari zela, buruzagietako bat etorri zitzaion eta, ahuspezturik, esan zion: «Hil berria dut alaba; baina zatoz hari eskua ezartzera, eta biziko da». Jesus jaiki eta ondoren joan zitzaion bere ikasleekin.

Hontan, hamabi urte hartan odol-jarioz zegoen emakume bat atzetik hurbildu zitzaion Jesusi eta soineko-ertza ukitu zion, hau baitzioen bere baitan: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz».

Itzuli zen Jesus eta, emakumea ikustean, esan zion: «Izan bihotz, alaba! Zeure sinesmenak sendatu zaitu». Eta ordu beretik sendatua gelditu zen.

Iritsi zen Jesus buruzagiaren etxera eta, hango erostariak eta jendearen istilua ikustean, esan zien: «Alde hemendik! Neskatxa ez dago hila, lo dago». Haiek barre egin zioten.

Jendea bidali zutenean, sartu zen Jesus eta eskutik heldu zion neskatxari, eta neskatxa jaiki egin zen. Inguru hartan guztian zabaldu zen gertatuaren berri.

§ Mateo 9, 18-26.

Jesusengana jakin-min hutsez hurbiltzen gara askotan –hainbat gauza entzun dugu hari buruz eta, azkenean, haren ondoan egoteak ez digula kalterik egingo pentsatzen dugu—. Baina beste batzuetan larritasunak eramaten gaitu beregana, nahiz eta ingurukoek –sarri askotan oso hur-bileko jendeak– alferrik dela esan, gure bakardadea onartu behar baitugu. Horrela zeuden ebanjelio-pasarte honetan agertzen diren bi emakumeak: gaixorik bat, zikina zelakoan, baztertuta, Jesusi hurbiltzen ere ausartzen ez zena; eta hilik bestea, bizimodu duinaren aldeko borroka betiko galdua zuena.

Esperantza bakarra Jesus zuten, esperantza hura barregarri samarra bazen ere. “Zeure sinismenak sendatu zaitu” esan zion lehenari; eta bigarrenari eskutik hartuz, altxarazi egin zuen, berriro bizira ekarriz. Ausar gaitezen Jesusengana jotzen. Gure esklabutzak aurkezten badizkiogu, haietatik irteteko nahia eta ezina aitortzen badizkiogu, eskutik hartu eta “Altxa” esango digu agian, “dagoeneko nahiko lo egin duzu”. Eta jaiki egingo gara, Jainkoak da-karren askapenaren berri nonahi zabaltzeko.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.