HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 4

Aldi hartan, Jesus bere herrira joan zen, ikasleak ondoren zituela. Hurrengo larunbatean, sinagogan irakasten hasi zen. Entzule askok, harriturik, hau zioen: «Nondik du honek hori guztia? Zer da eman zaion jakinduria hori? Eta honen eskuz gertatzen diren mirari horiek? Hau ez al da, ba, arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Eta honen arrebak ere ez al dira hemen gure artean bizi?» Eta ezin zuten sinetsi harengan.

Jesusek esan zien: «Profetari edonon ematen diote ohore, bere herrian, senitartean eta etxean izan ezik».

Eta ezin izan zuen han miraririk egin; hala ere, gaixo bakar batzuk sendatu zituen, eskuak gainean ezarriz. Eta harriturik zegoen haien sinesgogorkeriaz. Gero, inguruko auzoetan ibili zen, irakasten.

§ Markos 6, 1-6.

Nazaretarren antzera, gu ere pertsonaia handien bila ibiltzen gara sarritan, haien eskutik bidea errazago aurkitzekotan. Ez dugu pentsatzen hurbilekoek edo, areago, ezjakin eta maiz arriskutsutzat ditugun horiek, bidea aurkitzeko laguntza direla. Ez gara konturatzen Jesus horietako bat izan zela: bazterretako judu bat, garrantzirik gabeko gizona, baina Jainkoaren mezua zeka-rrena. Eskerrak ematen zizkion Aitari, esaten zituen gauzak jende xeheak ulertzen zituelako eta bere ordezkotzat utzi zizkigun sufritzen ari zirenak: gose zirenak, etxerik gabeak, presoak eta gaixoak, atzerritarrak…

Ondo egingo genuke, gure inguruan bilatu eta txikienak aintzat hartu,  ziur aski haien bidez Jesusek eskuak ezarri eta sendatu egingo baikaitu.Eman ditzagun eskerrak gizaki guztion berdintasunaz eta duintasunaz modu askotara mintzatzen zaizkigun horiengatik eta aurrera egin dezagun balio horien aldeko lanean. Orduan zenbait mirari gerta daitezke: el-kartasuna haziz joango da eta beste gizakiak neba‑arreben gisara ikusiko ditugu, hau da, ‘gau-zak’ Jainkoak nahi duen bezala izaten hasiko dira: Erreinua eraikitzen laguntzen arituko gara.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.